viernes, 22 de febrero de 2013

“Ezintasuna eta amorrua”

Hauxe da Donostiako hitzan argitaratutako elkarrizketa:


Segiko kide izatea egotzita, Donostiako 15 gaztek sei urteko kartzela zigorra betetzeko agindua jaso dezakete laster. Espainiako Auzitegi Gorenak eman beharreko azken epaiaren zain daude, eta batez beste hilabeteko kalkulua egin duten arren, ez dakite zehazki noiz jasoko duten.
Amesgaizto bukaezina bizitzen ari dira hiriko hainbat gazte, 2007an haien aurkako polizia operazioa hasi zenetik. Denetariko sentimenduak bizi izan dituzte urte horietan guztietan, baina ez dute etsi, eta jasotako elkartasunari esker gogoz diraute. Gazteetako hirurekin hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAk, Adur Fernandez (Altza, 1985), Aitor Olaizola (Parte Zaharra, 1983), eta Nahikari Otaegi (Amara, 1983).
Hiru hilabetean, 26 atxiloketa
Zehazki, 2007ko urria eta abendua bitartean 26 gazte donostiar atxilotu zituen Espainiako Poliziak, batzuk aske utzi zituzten inkomunikatuta izan ondoren, eta 13 espetxetik igaro ziren. 2009an baldintzapeko askatasuna eman zieten, guztira bermeetan 170.000 euro ordaindu ostean.
Azkenean, 18 gazte prozesatuak izan ziren, eta 2010ean epaitu ostean, horietako 15 daude azken epaiaren zain: Egoi Alberdi, Igor Alvarez, Mikel Arretxe, Ekaitz Ibero, Beñat Apalategi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez, Pello Lamarca, Oier Lorente, Asier Mariezkurrena, Aitor Olaizola, Nahikari Otaegi, Unai Perez, Urko Picaza, eta Imanol Ander Vicente.
Gainontzeko guztiek bezala, Olaizolak ongi gogoan du nola hasi zen guztia: «Gure sarekada hiru zatitan egin zuten. Hasieran zazpi lagun atxilotu zituzten, inkomunikatu egin zituzten, eta torturatu. Hurrengo astean, beste 19ren bila etorri ziren, gu hiruok barne, baina ez gintuzten etxean harrapatu. Hortik hilabetera, hamabostak Madrilera joan ginen deklaratzera, torturatuak ez izateko, eta auzitegiaren atarian atxilotu gintuzten. Garai horiek gogorrak izan ziren. Madrilera joandako 15 horietatik 8 espetxeratu gintuzten, gu hiruak barne».
Epaiketan ere une gogorrak bizi izan zituztela argitu du Olaizolak; «oroitzen dudan momenturik zailena da poliziak deklaratzen hasi zirenean, inkomunikatuak egon ziren gure lagunek euren torturatzailea euren aurrean ikustea. Ibero, esaterako, oso urduri jarri zen, eta epaileak epaiketa aretotik ateratzen utzi zion».
Nahikari Otaegi: «Nik hemendik ateratzen dudan onena gu hamabosten artean sortutako harremana da»
Kartzelan egondako denboran ere, barrukoez gain, familiakoek sufritu behar izan zuten. «Familiek sakabanaketaren ondorioz asko sufritu dute, eta Adurren senideek, adibidez, istripua izan zuten», gogoratu du Olaizolak. Edonola, gauza txar guztietatik zerbait ona beti atera daitekeela argi dute. «Nik hemendik ateratzen dudan onena gu hamabosten artean sortutako harremana da», dio Otaegik. «Egoera gogorretatik ere ikasten da eta pertsonalki eta politikoki gauzak argiago ditugu orain», gehitu du Olaizolak.
Hamabost auzipetuen artean, Ekaitz Ibero dago, eta beste auzi batengatik kartzelaratzeko agindua jaso berri duen arren, ez da kartzelara agertu. «Ekaitzen jarrera eskubide zibil eta politikoen defentsa horren harira dator, eta libre eta legal bizitzeko eskubide hori oinarri hartuta, intsumisio jarrera hartu du. Egoera zaila da, edozein momentutan atxilotu dezaketelako», argitu du Fernandezek. «Oihu txiki bat da, nahikoa da jendea kartzelara eramateaz esanez! Egoera honetan zerbait emateko», jarraitu du Olaizolak.
Argi dute zergatik kartzelaratu nahi dituen Espainiako justiziak. «Gure militantzia politikoagatik epaitu gaituzte, eta horregatik kartzelaratuko gaituzte. Abokatuek behin baino gehiagotan esan digute ez dutela kontuan hartzen defentsak aurkeztutako ezer ere; torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen dira», azaldu du Otaegik. «Hasiera batean kale borroka ekintzak egozten zizkiguten, baina gero argi geratu zen beraien benetako helburua militantzia politikoa moztea zela», azaldu du Fernandezek.
Adur Fernandez: «Diotenez, hilabete ingurukoa izaten da epaiak ateratzeko epea, baina ez dakigu ziur»
Euren egoera salatzeko, hainbat eragile politiko, sozial eta kulturalekin bildu izan dira gazteak, baina babes soila baino gehiago behar dutela diote. «Bizitakoa bizita eta gure egoera kontuan izanda, zerbait gehiago nahi dugu. Eragileengandik atxikimendua eta babesa jaso dugu, baina zerbait gehiago behar dugu», azaldu du Otaegik. «Urteetan terroristak izendatu gaituzte, eta saiatzen ari garenean beste pertsona batzuekin biltzen, zailtasunak dituzte pausoak emateko. Kasu batzuetan ez gaituzte ikusi ere egin nahi, baina eskubide politiko eta zibilen defentsan gure ekarpena egin nahi dugu gatazka konpontzen ari garen garai berrietan», gehitu du Olaizolak.
Egun, azken epaiaren zain daude, beraiekin zer gertatuko den jakin gabe. «Saiatzen zara zure bizitza ahalik eta gutxien baldintzatzen. Momentuak eta momentuak daude, baina ukaezina da batzuetan urduri egotea. Ahalik eta jende eta eragile gehien bildu behar gara noizbait hau gera dadin», aldarrikatu du Olaizolak. «Diotenez, hilabete ingurukoa izaten da epaiak ateratzeko epea, baina ez dakigu ziur», gehitu du Fernandezek.
Bildu eta EAJren babesa
Auzipetu donostiarrei babesa emateko, elkarretaratzeak egiten ari dira ostegunero, 19:00etan, Artzain Onaren elizaren aurrean. Martxoaren 9rako, berriz, manifestazioa deitu dute, Bulebarretik abiatuta. Bildu eta EAJ udal taldeek ere bat egin dute gazteekin; adierazpen bat adostu dute Giza Eskubideen Batzorde Berezian, EAJren proposamenez. Gazteen absoluzioa eskatu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario